XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenean haurra bere kutxan geratu zen; baina umearen begiek ez zuten begiratzen, eta uko egin zion esneari.

Pirata sartu zen, berdelez betetako zaku batekin.

Arraina frijitu zuten, eta afaldu.

Tarteka-tarteka, baten bat altxa eta korrika joaten zen umeari begiratzera.

Afaria bukatu zenean, sutondoan eseri eta arrats lasai bat pasatzera prestatu ziren.

Isilik zegoen kaboa, bere buruaren berri eman gabe.

Besteak apur bat minduta zeuden, baina bazekiten bere garaian kontatuko zuela kontatu beharrekoa.

Pilonek, zeinen jakinduria, urrea bezala, meategitik ateratzekoa baitzen, saio batzuk egin zituen kaboaren isiltasuna hautsi nahian.

-Ez da sarritan ikusten soldadu gazte bat ume batekin sujeritu zuen delikadeziaz.

Kaboak irribarre egin zuen, harro.

Pablok erantsi zuen:

-Ume hau maitasunaren lorategian aurkitua izango da noski.

-Eta horixe da ume klase hoberena, gauza onak besterik ez dituzte eta ekartzen.

-Gu ere izan gara soldadu esan zuen Dannyk.

-Hiltzen garenean, furgoi militar batean joango gara hilobira, eta gudaroste batek ohorezko tiroekin agurtuko gaitu.

Zain geratu ziren, ea kaboak hobera egiten zuen, eskainitako aukerari helduta.

-Zintzo jokatu duzue nirekin esan zuen.

-Torreóngo adiskideek jokatuko luketen bezalaxe, zintzo eta jator.

-Hau nire umea da, nire emaztearen umea.

-Eta non duzu emaztea? galdetu zuen Pilonek.

Kaboak irribarrea galdu zuen.